Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko martxoak 02Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Turismoko graduko ikasleek gipuzkoar turisten jokabide arduratsua

Gaur egun, garrantzi handiko gaiak dira iraunkortasuna eta bidaia arduratsuak. Horregatik, Turismoko graduko lehen mailako ikasleek (Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatekoak) ikerketa bat egin dute Gipuzkoako gazteek bidaiatzerakoan duten portaera aztertzeko. Ikasleek, unibertsitatera iritsi berriak, “Informazio Sistemak eta Turismoko Ikerketa Teknikak” irakasgairako egin behar izan dute lan hori. Hasteko, galdesorta labur bat diseinatu zuten, gaur egun ‘turista arduratsuaren dekalogoetan’ edo ‘turismoaren kode etikoetan’ azaltzen diren gaietako batzuekin. Hasierako helburua gazteekin lan egitea bazen ere (Millenialak eta Z belaunaldikoak), komenientziako laginketari lotutako erabaki metodologiko batengatik, aurten ikasleen hurbileko “helduenek” inplikazio aktiboa izan dute eta, guztira, 1.400 pertsonako lagin bat osatu da. Lagin horretan, % 42 Z belaunaldikoak dira (2001etik aurrera jaiotakoak); % 29, Millenialak edo Y belaunaldikoak (1980 eta 2000 urteen artean jaiotakoak); eta % 29, baby boomeko belaunaldikoak eta X belaunaldikoak (1946/64 eta 1965/79 urteen artean jaiotakoak). Azpimarratzekoa da, gainera, gehienak emakumeak direla (% 74) eta Gipuzkoan bizi direla (% 71). 

Bidaiatzerakoan, ez da desberdintasun esanguratsurik ikusten belaunaldien artean. Laginaren hiru laurdenak nahiago du bidaia bere kasa planifikatzea. Millenialen kasuan, % 7k besterik ez du bidaia agentzien bidez prestatzen eta, hortaz, % 83k prestatzen du bidaia bere kasa. Inkestari erantzun diotenen lehentasunak (1) ‘toki ezagunak eta helmuga errepikatzea’ eta (10) ‘helmugak aldatzea eta beti esperientzia berriak bizitzea’ izanik, % 60k baino gehiagok aitortzen du nahiago dituela esperientzia berriak helmuga ezagunak baino. 1etik 10erako eskalan, gehien azaltzen den balioa 8 da.

Inkestan ‘kode etikoetan’ eta ‘turista arduratsuaren dekalogoetan’ jasotzen diren portaera etiko eta arduratsuen aurrean ados dauden erantzuteko eskatzen zitzaien. Grafikoan ikus daitekeen bezala, esan dezakegu lagin honetako bidaiariak, a priori, nahiko arduratsuak direla. Erdiak baino gehiagok esaten du oso ados dagoela ‘helmuga guztietan bertako tradizioak, erlijioa, janzkera eta komunikazioa errespetatzearekin’ (% 67), ‘tokiko produktuak eta inguruan ekoitzitako eskulangintzako artikuluak erostearekin’ (% 57), eta ‘bertako hizkuntzan hitz batzuk ikastearekin, komunikatzeko edo agur egiteko’ (% 56).

Neurri txikiagoan, baina berriro ere % 50 inguruan, inkestatuek adierazten dute guztiz ados daudela ‘bertakoei argazki bat atera aurretik baimena eskatzearekin’ edo ‘beti bertako komunitatearekin eta pertsonekin harremana izaten ahalegintzearekin’. Bereziki interesgarria da ia erdiak daudela prest ‘pixka bat gehiago ordaintzeko, ostatuak iraunkorrak badira eta, hortaz, ura, energia eta abar arduraz kontsumitzen badituzte’ (% 47) eta ‘distantzia laburretarako, hegan egiteari utzi eta trena gehiago erabiltzeko’ (% 44). Aipatzekoa da, halaber, bi kasuetan ia % 20k esaten duela ez dagoela batere ados proposamen horiekin.

Ikerketa honetan deigarria da, arestian aipatu dugun bezala, emaitzek ez dutela desberdintasun handirik erakusten belaunaldien artean. Horren arrazoia izan daiteke, beharbada, belaunaldirik gazteena, ‘Z belaunaldia’, gai horien aurrean kontzientzia handiagoa izan dezakeena, oraindik ez dela ‘bidaiari autonomoa’. Hala, datuek erakusten dute Millenialak direla turista belaunaldi arduratsuenak. Horixe ikusten da item guztietan, ostatu iraunkorren truke gehiago ordaintzeko prest egongo ote liratekeen galdetzean izan ezik. Portaera horrekin adostasun handiagoa erakusten dute X belaunaldiak eta gazteenek. Norbaiti argazkia ateratzeko baimena eskatzeari dagokionez, helduenek (Baby boomeko belaunaldiak eta X belaunaldiak) erakusten dute errespeturik handiena. Millenialen erabateko babesa jasotzen du helmugako bertako hizkuntzan hitzen bat ikasi eta erabiltzen ahalegintzeak eta bertako tradizioak eta ohiturak errespetatzeak.

 

1. irudia. Laginaren banaketa belaunaldien eta bidaiak planifikatzeko moduaren arabera

 Distribución de la muestra por generaciones y forma de planificar los viajes

 2. irudia. Portaera arduratsuekiko adostasun maila

 Grado de acuerdo con comportamientos responsables